LONDON CALLING… TAFALLAKO IKASTOLA!
Hori izan liteke Tafallako Ikastolako DBH 4ko ikasleen ikasbidaiaren soinu banda. Duela urte batzuk jaso zuten Londreseko deia, eta dirua ateratzeko kamiseta eta boletoen salmentaren ondoren, haiek amestutako bidaia errealitate bihurtzea lortu dute.
Joan den martxoaren 20an, arratsaldeko 18:00ak aldera, maletaz eta gogoz beteta iritsi ginen gure operazio zentrora: etxean bezala sentitu garen aterpe apur bat destartalatua: Astor Museum Hostel, Londreseko Bloomsbury auzoan kokatuta.
Hurrengo egunean, goizean goiz, autobus-bira egin genuen hiriaren erdigunetik: Londres zaharrenetik geratzen dena ezagutu ahal izan genuen -gaur egun City bihurtua-, Saint Paul Katedral, Tamesis ibaia, Londreseko Dorrea eta London Bridge inguruan ibili ginen. Amaitzeko, nola ez, txundituta geratu ginen Big Ben, Wensminster eta Buckinham palace edertasunarekin.
Gero, arratsaldean, Covent Gardenen txanda iritsi zen. Disfrutatu genituen zonaldeko merkatuak, dendak eta etxe koloretsuak, eta kaleko artisten emanaldiak ere ikusi genituen, batzuk nahiko interesgarriak, beste batzuk ez hainbeste. Chinatowneko afari on batek eman zion amaiera lehenengo egunari.
Bigarren goiza Egiptoko eta Greziako hondakinen artean hasi zen. Taldeak British Museumeko museoa bisitatu zuen, eta han Rosetta Harria edo Ramses IIa faraoien estatua ikusi genituen, adibidez. A ze altxorrak!
Museo amaigabe honetako korridore eta galerietan ibili ondoren, erosketak egiteko momentua iritsi zen. Eta zer hobe Camden Town baino?
Hango dendek argiak eta musika dituzte. Gainera, auzoko artista batekin argazki bat atera ahal izan genuen: Amy Winehouse desagertuaren estatuarekin.
Ilunabarrean, ibilaldi bat egin genuen hiriko kanal bat inguratuz, eta, oinez, King Crosseko geltokiraino iritsi ginen. Azkenean aurkitu genuen 9. eta hiru laurden Hogwartsera doan nasa. Ondoan, Harry Potterren produktu-denda bat instalatu dute. Ez oso magikoa. Hala ere, oso paseo atsegina eman genuen.
Gure hirugarren eguna, berriz ere, museo batean hasi zen. Oraingoan Natural History Museum-en txanda zen, arkitektura victoriarreko eraikin zoragarri batean kokatuta. Barruan, mundu naturalari eta bere zientziei eskainitako bilduma. Dinosaurio itzelen eskeletoak ikusi ahal izan genituen, balea urdin batena ere bai, jada desagertuta dauden animalien ale paregabeak edo 1.300 urte bete zituen sekuoia baten sekzioa… fosilak, arroka zoragarriak… leku bitxi bezain liluragarria.
Eta bidaiaren azken arratsalde-gaua Londres erditik paseatzen eman genuen. Hiriko merkatu zaharrenetik, Borrough Market-etik, Tamesis ibaiaren beste alderaino joan ginen oinez, iluntzerakoan.
Lehenengo egunean Londres egunez ikusi genuen, eta gaua besarkatzeko argitutako hiri eder batean amaitu genuen bisita. Ibilaldia, nola ez, London Eye eta Big Ben ondoan amaitu zen, gure bi monumentu gogokoenak. Pena izan da noria erraldoi horretan ezin igo izana… Hurrengorako!
Baina ikasbidaia bisita gidatuak, monumentuak eta museoak baino askoz gehiago da. Metroko susto txikiez, atzerapenez, estropezuez, semaforo gorriez eta jan nahi gintuzten autobusez… gaueko ibilaldi fantasmez eta solasaldi amaigabeetako gauez hobe ez badugu askoz gehiago komentatzen. Psadizo horiek gorde ditzagun gure 19 ikasleen oroitzapenen motxilan, bizitza osoan beraiekin izango direlakoan.